Jendea jardunaldian

2022 Ira 27

Hirugarren Sektore Soziala digitalizazio iraunkor eta inklusibo baterantz

Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan digitalizazioarekin lotuta izandako esperientziak partekatzea zen irailaren 21eko jardunaldiaren helburua. Sektore honetako erakundeak oso anitzak dira tamainari eta behar teknologikoei dagokienez. Hori dela eta, erakunde handiek eta txikiek parte hartu zuten, haien erakundeen barruan eraldaketa digitala nola bizi duten parteka zezaten. 

Sektore honetan 40.000 pertsonak lan egiten dute 3.958 erakundetan, 158.000 boluntario mugitzen ditu eta Euskadiko BPGaren % 2,3 dagokio. Gizartean hain da garrantzitsua sektore honen eragina, egun batez denak geratuz gero, ekoizpen-ehunaren produktibitatea, lanean egon ziren bajen ondorioz kaltetuta bilakatuko zen.

Sektorea osatzen duten erakundeek mendekotasunen bat duten pertsonei laguntzen diete; desgaitasunen bat duten pertsonei lana eta prestakuntza ematen dizkiete; bakarrik dauden kolektiboei laguntzen diete; eta estrategiak garatzen dituzte bazterkeria-egoeran dauden familiak eta banakoak atzean gera ez daitezen. Garapen teknologikoa azkar ari da aurrera egiten eta, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko Lucia Merinok aipatu zuen moduan, «hirugarren sektoreak ezin du deskonektatuta geratu». “Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren egoera, eraldaketa digitalaren erronkaren aurrean” diagnostikoa aurkeztu zuen Luciak, eta datu esanguratsuak eman zituen. Diagnostikoak jasotzen duenez, erakundeen % 6k baino ez dute estrategia digital bat, % 20k ekintza batzuk jarri dituzte martxan eta % 52k ez dute ezer egin. Garapen teknologikoak inklusiboa izan behar duela eta ikuspegi soziala izan behar duela kontatu zigun Luciak, erakundeek behar digital zehatzak dituztelako.

Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia” aurkeztu zigun, konektagarritasunari, azpiegiturak sendotzeari eta gaitasun digitalen inguruko prestakuntzari buruzkoa. 

Beste sektore batzuek bezala, Hirugarren Sektore Sozialak ere behar du eraldaketa digitala gidatzeko marko bat. Hala, Adriana Martínezek (APTES) eta Santi Pisonerok (PR4) Eraldaketarako markoa Hirugarren Sektore Sozialaren Aro Digitalean aurkeztu zuten. Fokua zer alderditan jarri behar den aipatu zuten, eta horrekin lotuta zer galdera giltzarri egin behar diren, erakunde bakoitzak egin beharreko hausnarketa ordenatzeko eta, hala, aro digitaleko soluzioak ezartzeko, prozesuak azkartzeko, zerbitzu berriak identifikatzeko edo egungoak hobetzeko, misioa inoiz ere begi bistatik galdu gabe.

Lehenengo mahaian, digitalizazio erabilgarri bateranzko bidea hasteko giltzarriak eman zizkiguten Agintzarik, Gureakek eta GrupoSSI. GrupoSSI-ko Karmelek oso argi ikusten du lidergo digital baten beharra: ezagutza teknologikoa eta pedagogikoa duen pertsona bat. «Profil hori gai da kanpoko hornitzaileen arteko zubi-lana egiteko eta barneko langileak prestatzeko, azken horiek fidagaitzak baitira egokitzapen teknologikoari dagokionez», eta oinarrizkoa izan da taldearen barneko proiektu digitalek arrakasta izan zezaten. Denek uste dute beharrezkoa dela gailuetan inbertitzea eta ingurune digital seguruak sortzea. Datuen segurtasuna eta horien ustiapena oso garrantzitsuak iruditzen zaizkie.

Eskaera komun bat ere egin zuten, hain zuzen ere, Administrazio Publikoek (zeinak haien bezeroak diren) ere interesa jartzea berrikuntzan, eta egiten dituzten eskaintzetan berrikuntza proposatzen dutenak saritzea, irizpide ekonomikoetara bakarrik mugatu gabe. Gezurra badirudi ere, HSSko erakundeek batzuetan berrikuntzak aplikatu nahi izaten dituzte, baina Administrazioak gelditu egiten ditu, “ez dutelako nahasterik nahi”, eta eraginkorrak ez diren funtzionatzeko moduak erabiltzera behartzen dituzte. 

Gureaken kasuan, haien berrikuntza teknologikoa desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak egokitzera dago bideratuta. «Teknologia baliagarria zaigu adimen-desgaitasuna duten pertsonek teknologiarik gabe egin ezingo lituzketen lanak egin ditzaten», adierazi du Argi Gastakak. Bulego teknikotik, haien negozio guztietarako zeharkako proiektuak zuzentzen dituzte. Agintzaritik, proiektu txikiak eta eskalagarriak martxan jartzearen beharra nabarmendu zuen Noeliak, frustrazioa eta aldaketarekiko mesfidantza saihesteko.

Finantzaketaren atalean, erakunde handiak Europako sareen parte dira, eta horrek aukera ematen diete Europako edo Estatuko proiektuetan parte hartzeko eta, hala, haien eraldaketa digitalerako plana garatzeko, horretarako euren funts propioak erabiltzeaz gain. 

Erakunde txikien mahaian Nagusilaneko Enara eta Bizitegiko Pablo izan genituen. Hirugarren sektore sozialaren ezaugarri bat dira boluntarioak. Horiek kudeatu ohi dute erakundea, handitu eta profesionalizatzeko beharra iristen den arte. Hori da Nagusilanen abiapuntua eta, hortaz, digitalizazioa baino lehenagoko pauso bat dago: prozesuak estandarizatzea. Horretarako, Excel programa oso lagungarria da. Bizitegiko Pabloren arabera, edozein plan egin aurretik, erakunde batek dokumentuak ordenatu, fitxategiak kokatu eta prozesuak ezarri behar ditu; hori da garrantzitsuena. Administrazioak sinadura digitala erabiltzeko eta laguntzak telematikoki aurkezteko eskatzen diete, baina ez dute laguntzarik jasotzen gailuak erosteko edo tresnak garatzeko. Bi erakundeek adierazi zuten haien proiektu digitalak finantzatzeko funts propioak erabiltzen dituztela, udal, aldundi edo gobernu bakar batek ere ez dituelako kontuan hartzen sektore soziala digitalizatzeko tresna digitalak. 

Hitz gakoak: 

  • Lidergo digitala: ezagutza teknikoak dituen pertsona, erakundeari plan bat eta benetako beharren diagnostiko bat egiten lagunduko diona.
  • “Acojoproyecto”: guztia egiteko guztia barne hartzen duten proiektuak. Proiektu eta soluzio lorgarriekin hasi behar da.
  • Fitxategien ordena: prozesu adostuak eta partekatuak. Dokumentu eta apalategi ordenatuak. Garrantzitsuak dira ordenagailuko direktorioak.
  • Datuak: ehunka excel, word, whatsapp, drive edo posta elektronikotan sakabanatuta duzun guzti hori.
  • Ezagutzaren kudeaketa: partekatutako informazioa beti da hobea.
  • Prestakuntza digitala: tresna erabilgarriak ezagutzea eta ikastea. Batzuetan doako tresna eta ikastaroekin nahikoa izaten da hasteko.
  • Frustrazio digitala: bitartekoa ez ezagutzea; horri aurre egiteko, galdetu edo kontsultatu antzeko erakundeei, garapen-enpresei, Spriri, APTESi...

Zer proposatzen dizugu? 

Jardunaldiak sektoreko profesionalak bildu zituen, eta horien ezagutza baliagarria izan dakizuke zalantzak argitzeko. Partekatzeak indartu egiten gaitu. Hori dela eta, parte hartu duten pertsonen harremanetarako datuak dituzu jarraian, eta horiekin komunika zaitezen animatzen zaitugu.

Parte hartu dutenak:

  • Agintzari: Noelia Moyano. Agintzari, Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkartea, Euskadiko Ekonomia Sozialeko enpresa bat da. Komunitatearen garapenean parte hartzen du, esku-hartze sozialaren arloan. Gizartearekin konprometituta dago behar sozialei aurre egiteko eta balio soziala sortzeko. Proposamen berritzaileak martxan jartzen ditu eta kalitatezko zerbitzuak kudeatzen ditu, zailtasun-egoeran dauden pertsonen eta kolektiboen behar sozialak gainditzeko. Haren jardueraren barruan, esku-hartze soziohezitzaileko eta psikosozialeko zerbitzuak garatzen ditu udaletako Gizarte Zerbitzuetan, baita haurrak babestera eta inklusio sozialera bideratutako bigarren mailako arreta-zerbitzuak ere, beste gauza batzuen artean.
    • Proiektuak: Gizarte Zerbitzuetako esku-hartzeari laguntzeko aplikazio digitalak. 
  • GrupoSSI: Karmele Acedo (GrupoSSI). GrupoSSI, oinarri soziala duen enpresa-proiektu kooperatiboa da. Gizarte arloan kalitatezko enplegua sortzeko lan egiten du, eta horretarako pertsonei familiei eta komunitateari, hainbat erronkari aurre egiteko zerbitzuak ematen dizkie, hala nola bizitza-luzerari, babesgabetasunari eta zaurgarritasun sozialari. Pertsona horien bizi-kalitatea hobetzea du helburu eta, horretarako, Administrazio Publikoekin batera lan egiten du, baita zahartzearen, inklusioaren, larrialdi sozialen eta ekintzailetzaren arloko ekosistemekin ere. Berrikuntzan eta ezagutzan inbertitzen du, haien negozio-ereduaren jasangarritasuna lortzeko.
    • Proiektua: Eraldaketa digitala eta Etxeko Laguntza Zerbitzuaren digitalizazioa.
  • Gureak: Argi Gastaka. GUREAK euskal enpresa-taldea da, lan-aukera egonkorrak eta desgaitasuna duten pertsonei behar bezala egokitutako lan-aukerak sortzen eta kudeatzen dituena. Batez ere, Gipuzkoako adimen-desgaitasuna duten pertsonei dago zuzenduta. GUREAK talde sendo eta dibertsifikatua da eta, batez ere, industriaren, zerbitzuen eta marketinaren sektoreetan du presentzia. 5.757 pertsonako giza taldeak osatzen du, eta horietatik % 83k baino gehiagok desgaitasuna dute.
    • Proiektua: Adimen-desgaitasuna duten pertsonen autonomiari laguntzeko teknologia erabilera.
  • Bizitegi: Pablo Ruiz Errea. Hirugarren sektore sozialeko erakundea, inklusio sozialaren alde lan egiten du. Batetik, gizarte-bazterkeria jasaten duten pertsonei laguntzeko programak sortuz eta bestetik, gizarte inklusiboagoa sustatzen saiatuz. 
    • Proiektua: Eguneroko digitala, fisikoki edo aldi baterako bereizita dauden taldeen edo profesionalen arteko komunikazioa hobetzeko.
  • Nagusilan: Enara Solaberria. Nagusilan, adinekoen boluntariotza soziala. 27 urtetik gora daramatza lanean, Euskadiko, Nafarroako, Madrilgo eta Granadako adineko pertsonen nahi gabeko bakardadea arintzeko. 800 adineko pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute eta urtean 150.000 boluntariotza-ordu egiten dituzte. Zahartze aktibo eta solidarioa sustatzen du, erretiroa hartu duten pertsonen bizi-esperientzia eta esperientzia profesionala aprobetxatuz. Horretarako, laguntza emozionala ematen dute egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxeetan. Belaunaldien arteko jarduerak sustatzen ditu, kohesio sozialerako balio gisa, eta adineko pertsonen ahotsa ordezkatzen du foro eta plataforma publikoetan.
    • Proiektua: ERP kudeaketa-tresna. Zilarrezko haria, telefonogune birtuala, boluntarioek bakardade-arriskuan dauden pertsonei deitzeko erabiltzen dute.
  • Ongi etorri eskolara (Elkarrekin Koop. Elk. txikia): Lola Boluda. Eskola eta komunitate inklusiboak lortzera bideratuta, eskolei kulturarteko eredu pedagogikoa martxan jartzen laguntzen die. Euskara elementu giltzarritzat hartzen du ikasle guztien arteko aukera-berdintasuna sustatzeko. Helburu horrekin, esku-hartzeak egiten ditu irakasleekin, ikasleekin eta, batez ere, familiekin, “Familia Laguna” programaren bidez. 2021-22 ikasturtean Donostiako, Andoaingo eta Errenteriako 210 familiak parte hartu dute familia-laguna programan, eta kulturen arteko gertutasun-harremanak eta ezagutza sortu dituzte. 57 elkartek eta erakundek parte hartzen dute programan, eta Gipuzkoan bizikidetzaren alde lan egiten laguntzen digute.
    • Familia etorkinen kudeaketan laguntzeko ERPa. Galdetegi elektronikoaren bidez jasotako datuen digitalizazioa. Datuen analisia.

Partekatu