ikumirak aurkezpena

2018 Mar 19

Ikusmirak: Familiaren, Haur eta Nerabeen eta Gizarte Zerbitzuen behatokien

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, prentsaurrekoan, Ikusmirak webgunea aurkeztu du; bertan, gizarte-politiken arloko hiru behatoki batzen dira. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin eta Emilio SolaGizarte Zerbitzuetako zuzendariarekin batera, sailburuak atari berria azaldu du; bertan, Familiaren, Haur eta Nerabeen eta Gizarte Zerbitzuen behatokien informazio eta dokumentazio guztia dago.

Artolazabalek esan duenez: “hiru behatokiak gizarte-politiken arloan proposatutako ekintzen beharrak eta bilakaera ebaluatzeko antenak dira”.

Haur eta Nerabeen Behatokiaren misioa da etengabe aztertzea ume eta nerabeen errealitatea eta Haur eta Nerabeei Arreta eta Babesa emateko otsailaren 18ko 3/2005 Legea aplikatuz garatutako politiken eragina. Bestalde, Familien Euskal Behatokiak Euskadiko familien egoera eta arazoen errealitatea aztertzen du, bai eta Familiei laguntzeko 13/2008 Legea aplikatuz garatutako politiken eragina ere. Gizarte Zerbitzuetako Behatokiaren helburua, azkenik, gizarte-zerbitzuetan kalitatea bermatzeko eta hobetzeko beharrezko neurriak sustatzea da.

Atari honen bidez, “gizarte-eremuan behatzeko lana osatzen eta sendotzen da”, sailburuaren hitzen arabera. Gogoratu du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak, gainera, Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokia ere baduela eta horrek bere webgunea duela, eta zera esan du: “urteak daramatza erreferente izaten Euskadin atzerriko immigrazioaren fenomenoa ezagutzeko”. Gizarte-eremuko behatoki horien multzoa sendotu egingo da datorren urtean, Artolazabalek iragarri bezala, Hirugarren Gizarte Sektorearen Behatokia ere sustatuko baita.

Partekatu