Erabiltzai auzokide bikaina sare soziala frogatzen

2020 Uzt 16

Grandes Vecin@s - Auzokide Bikainak gizarte-sarearen testing saioa erabiltzaileentzat

Grandes Vecin@s - Auzokide Bikainak proiektuak auzo-sareak sortu eta sustatzen ditu, auzoan lotura afektibo gutxien duten adineko pertsonei sareak ehuntzen laguntzeko. Ekimena duela 5 urtetatik martxan dago Madrilgo hainbat auzotan, eta adin guztietako boluntarioak harremanetan jartzen ditu adineko pertsonekin. Aurrez aurreko gizarte-sare hau adineko auzokideen eta boluntarioen arteko harremanean oinarrituta eraikitzen da, auzoko elkarte, saltoki eta eragile sozialen inplikazioaz baliatuta. Pertsonen arteko lotura sustatzeko, topaketak, bisitak, pasierak eta mota orotako jarduerak antolatzen dira, elkar hobeto ezagutzen laguntzeko. Inplikatuen arteko komunikazioa web-plataforma baten bitartez egiten zen, baina zaharkitua geratu zen eta erabiltzaileen beharrizanetara egokitu behar izan da.

Aplikazioaren testing-a egiteko saioa antolatu zen uztailaren 16an; 30 pertsona bildu ziren online eta offline, Madriletik Zoom.com webgunearen bitartez eta aurrez aurre Pasaia - Trintxerpeko boluntarioen parte-hartzearekin. Aplikazio mugikorrari esker, auzokideak mezularitza pribatu bidez egon daitezke harremanetan, eta argazkiak, bideoak zein edukiak partekatu ditzakete auzokide guztiekin, baita ekitaldiak sortu eta horietan izena eman ere. Grandes Vecin@s - Auzokide Bikainak ekimenaren baitan dinamizatzaileak ere biltzen dira (auzo bakoitzeko bat), zeinek pertsonen arteko loturak egiten laguntzen baitute. Aurrez aurreko funtzionamendu hori aplikaziora ere ekarri da; horrela, auzokideak inguru seguruan egongo dira, beren auzoari buruzko informazioa izango dute, eta gainerako auzokideekin harremanetan egoteko aukera izango dute, auzoko bizitzan aktiboki parte hartuz. Hala, auzoan elkarlotuta dauden pertsonen aurrez aurreko sarea teknologikoki babesteko aukera ematen du aplikazioak. 

Aplikazioa uda amaierarako egongo da eskuragarri Pasaia - Trintxerpeko auzokideentzat, sareak eratzen ari baitira dagoeneko.

Grandes Amigos - Adinkide Fundazioa da proiektuaren sustatzailea, eta Lotura enpresaren laguntza izan du garapen teknologikoan. Adinberri Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu dute proiektua, Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen babesarekin.

Partekatu