2022 Api 27

Denok4.0 aplikazioak adimen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzen die beren eguneroko lanean

"Entzun zeregina" horrela aktibatzen du aplikazio mugikorra Gureak erakundeko garbiketa-zerbitzuko behargin batek. Amaiak urteak daramatza Donostiako komun publikoak garbitzen, baina kontatzen digunez “zenbaitetan ahaztu egiten zaizkit hainbat zeregin”. Denok aplikazioa lagungarri izango zaio eguneroko bere zereginetan. Bi urte baino gehiago daramatzagu aplikazioarekin probak egiten, erabilgarri zaien edo eragozpena izango ote den jakiteko. Denbora honetan zehar hainbat profilekin egin dugu proba, teknologia erabiltzen duen langile batek zein onura eta zein zailtasun dituen jakiteko. Zenbaitetan, nahikoa da zeregina gogoraraztearekin autonomia-maila handiagoa erdiesteko.

Denok4.0 garbiketako langileentzako aplikazio mugikor batekin eta langileak, ibilbideak, egiteko zereginak, beaconak eta lokalizazioak kudeatzen dituen plataforma batekin osatzen da.

Administratzailean enkargatuak ibilbidea eta zereginak eremuaren arabera (gela, komun publikoa) konfiguratzen ditu. Garbiketako langileei mugikor bat eta aurikular bat ematen zaie. Behargina lanlekura iristen denean, mugikorrak instalatutako beacona ezagutu (sarrerako checkinga) eta aplikazioan egiteko zereginak jasotzen ditu. Beharginak bere lanari ekiteko “entzun zeregina” aipatzen du, aplikazioak zereginak erakusten ditu mugikorreko pantailan eta lokuzio bat entzuten du aurikularrean. Amaitzean beste eskaera bat egiten du gainerako zereginekin jarraitzeko, bere lana amaitu arte.

Enkargatuaren eremu pribatuan, mugikorretik edo ordenagailutik irisgarri, zereginen hasiera eta amaierako ordua erregistratzen da, enkargatuak instalazioen jarraipena egin ahal izateko. Lokalizazio ezberdinetan garbiketa-zerbitzuaren nondik norakoaren berri denbora errealean izateak jarraipenean denbora aurrezten dio.

Erabiltzaileekin proba pilotuak

Proiektuaren helburuak

Proiektuaren helburua laguntza premiak dituzten pertsonei teknologia erabiliz autonomo izaten laguntzea da. P+Na modura katalogatutako profil hau adimen-desgaitasuna eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonez dago osatua. Gureak erakundeak profil hori duten 3.000 pertsona baino gehiago ditu lantaldean, beren lan-bizitza osoan zehar etengabeko laguntza behar dutenak, bai Gureak erakundearen ekoizpen-plantan, eta baita bezeroaren instalazioetan ere.

Proiektuak  Gureak eta  Lotura  elkartzen ditu eta  Vicomtech teknologia-zentroaren laguntza du. DENOK4.0 aplikazioak finantzazioa jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak bultzatutako  HAZITEK Enpresako I+G arloari laguntzako programaren bidez.

Partekatu