27 Ira 2022
Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan digitalizazioarekin lotuta izandako esperientziak partekatzea zen irailaren 21eko jardunaldiaren helburua. Sektore honetako erakundeak oso anitzak dira tamainari eta behar teknologikoei dagokienez. Hori dela eta, erakunde handiek eta txikiek parte hartu zuten, haien erakundeen barruan eraldaketa digitala nola bizi duten parteka zezaten.
Sektore honetan 40.000 pertsonak lan egiten dute 3.958 erakundetan, 158.000 boluntario mugitzen ditu eta Euskadiko BPGaren % 2,3 dagokio. Gizartean hain da garrantzitsua sektore honen eragina, egun batez denak geratuz gero, ekoizpen-ehunaren produktibitatea, lanean egon ziren bajen ondorioz kaltetuta bilakatuko zen.
Sektorea osatzen duten erakundeek mendekotasunen bat duten pertsonei laguntzen diete; desgaitasunen bat duten pertsonei lana eta prestakuntza ematen dizkiete; bakarrik dauden kolektiboei laguntzen diete; eta estrategiak garatzen dituzte bazterkeria-egoeran dauden familiak eta banakoak atzean gera ez daitezen. Garapen teknologikoa azkar ari da aurrera egiten eta, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko Lucia Merinok aipatu zuen moduan, «hirugarren sektoreak ezin du deskonektatuta geratu». “Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren egoera, eraldaketa digitalaren erronkaren aurrean” diagnostikoa aurkeztu zuen Luciak, eta datu esanguratsuak eman zituen. Diagnostikoak jasotzen duenez, erakundeen % 6k baino ez dute estrategia digital bat, % 20k ekintza batzuk jarri dituzte martxan eta % 52k ez dute ezer egin. Garapen teknologikoak inklusiboa izan behar duela eta ikuspegi soziala izan behar duela kontatu zigun Luciak, erakundeek behar digital zehatzak dituztelako.
Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia” aurkeztu zigun, konektagarritasunari, azpiegiturak sendotzeari eta gaitasun digitalen inguruko prestakuntzari buruzkoa.
Beste sektore batzuek bezala, Hirugarren Sektore Sozialak ere behar du eraldaketa digitala gidatzeko marko bat. Hala, Adriana Martínezek (APTES) eta Santi Pisonerok (PR4) Eraldaketarako markoa Hirugarren Sektore Sozialaren Aro Digitalean aurkeztu zuten. Fokua zer alderditan jarri behar den aipatu zuten, eta horrekin lotuta zer galdera giltzarri egin behar diren, erakunde bakoitzak egin beharreko hausnarketa ordenatzeko eta, hala, aro digitaleko soluzioak ezartzeko, prozesuak azkartzeko, zerbitzu berriak identifikatzeko edo egungoak hobetzeko, misioa inoiz ere begi bistatik galdu gabe.
Lehenengo mahaian, digitalizazio erabilgarri bateranzko bidea hasteko giltzarriak eman zizkiguten Agintzarik, Gureakek eta GrupoSSI. GrupoSSI-ko Karmelek oso argi ikusten du lidergo digital baten beharra: ezagutza teknologikoa eta pedagogikoa duen pertsona bat. «Profil hori gai da kanpoko hornitzaileen arteko zubi-lana egiteko eta barneko langileak prestatzeko, azken horiek fidagaitzak baitira egokitzapen teknologikoari dagokionez», eta oinarrizkoa izan da taldearen barneko proiektu digitalek arrakasta izan zezaten. Denek uste dute beharrezkoa dela gailuetan inbertitzea eta ingurune digital seguruak sortzea. Datuen segurtasuna eta horien ustiapena oso garrantzitsuak iruditzen zaizkie.
Eskaera komun bat ere egin zuten, hain zuzen ere, Administrazio Publikoek (zeinak haien bezeroak diren) ere interesa jartzea berrikuntzan, eta egiten dituzten eskaintzetan berrikuntza proposatzen dutenak saritzea, irizpide ekonomikoetara bakarrik mugatu gabe. Gezurra badirudi ere, HSSko erakundeek batzuetan berrikuntzak aplikatu nahi izaten dituzte, baina Administrazioak gelditu egiten ditu, “ez dutelako nahasterik nahi”, eta eraginkorrak ez diren funtzionatzeko moduak erabiltzera behartzen dituzte.
Gureaken kasuan, haien berrikuntza teknologikoa desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak egokitzera dago bideratuta. «Teknologia baliagarria zaigu adimen-desgaitasuna duten pertsonek teknologiarik gabe egin ezingo lituzketen lanak egin ditzaten», adierazi du Argi Gastakak. Bulego teknikotik, haien negozio guztietarako zeharkako proiektuak zuzentzen dituzte. Agintzaritik, proiektu txikiak eta eskalagarriak martxan jartzearen beharra nabarmendu zuen Noeliak, frustrazioa eta aldaketarekiko mesfidantza saihesteko.
Finantzaketaren atalean, erakunde handiak Europako sareen parte dira, eta horrek aukera ematen diete Europako edo Estatuko proiektuetan parte hartzeko eta, hala, haien eraldaketa digitalerako plana garatzeko, horretarako euren funts propioak erabiltzeaz gain.
Erakunde txikien mahaian Nagusilaneko Enara eta Bizitegiko Pablo izan genituen. Hirugarren sektore sozialaren ezaugarri bat dira boluntarioak. Horiek kudeatu ohi dute erakundea, handitu eta profesionalizatzeko beharra iristen den arte. Hori da Nagusilanen abiapuntua eta, hortaz, digitalizazioa baino lehenagoko pauso bat dago: prozesuak estandarizatzea. Horretarako, Excel programa oso lagungarria da. Bizitegiko Pabloren arabera, edozein plan egin aurretik, erakunde batek dokumentuak ordenatu, fitxategiak kokatu eta prozesuak ezarri behar ditu; hori da garrantzitsuena. Administrazioak sinadura digitala erabiltzeko eta laguntzak telematikoki aurkezteko eskatzen diete, baina ez dute laguntzarik jasotzen gailuak erosteko edo tresnak garatzeko. Bi erakundeek adierazi zuten haien proiektu digitalak finantzatzeko funts propioak erabiltzen dituztela, udal, aldundi edo gobernu bakar batek ere ez dituelako kontuan hartzen sektore soziala digitalizatzeko tresna digitalak.
Hitz gakoak:
Zer proposatzen dizugu?
Jardunaldiak sektoreko profesionalak bildu zituen, eta horien ezagutza baliagarria izan dakizuke zalantzak argitzeko. Partekatzeak indartu egiten gaitu. Hori dela eta, parte hartu duten pertsonen harremanetarako datuak dituzu jarraian, eta horiekin komunika zaitezen animatzen zaitugu.
Parte hartu dutenak: