Adimen urritasunak dituztenentzako gizarte sare erabilerraza
Lotura, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatearekin elkarlanean, adimen urritasunak dituztenentzako gizarte sare erabilerraz bat egiten ari da Gureak taldearentzat.
Gureak taldea minusbaliotasunak dituen jendearentzako, batik bat Gipuzkoan adimen urritasunak dituztenentzako, lan aukera egonkor eta egokiak sortzeko eta gestionatzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko enpresa korporazio bat da.
Taldeko langileen erdiak, hau da, 2.000 langile inguruk, adimen urritasunak dauzkate. 2007an, Gureak taldeak Gitek sortu zuen, berrikuntza eta garapen sozio-teknologikorako saila. Helburu nagusia da urritasunak dituen jendeari gizarteratzen eta lan munduan sartzen laguntzea, neurri berritzaileak abian jarriz. Neurri berritzaile horietako bat da informazio eta komunikazio teknologia berriak erabiltzea, bai urritasunak dauzkan jendea prestatzeko prozesuetan, bai ekoizpen prozesuetan.
Gaur egungo gizartean, komunikazio eta partaidetza prozesuetako oinarrizko tresnetako batzuk gizarte sareak dira. Ordea, milaka lagunek erabiltzen dituzten aplikazioak, Facebook eta Twitter, esaterako, ez dira batera erabilerrazak urritasunak dituen jendearentzat, batez ere adimen urritasunak dituztenentzat. Hori jakinarazi du ONCE Fundazioak gizarte sareen plataformen erabilerraztasunaren gainean orain dela gutxi argitaratutako azterlan batean ("Accesibilidad de plataformas de redes sociales", www.discapnet.es/accesibilidadredessociales). Azterlan horren arabera, gizarte sareak ez dira erabilerrazak. Horregatik, Gureak taldeak erabaki du gizarte sare erabilerraz bat sortzea, erabiltzaileak errazago komunikatzeko eta modu aktiboan parte hartzeko.
Saregune proiektua: "aniztasun funtzionalak dituen jendearentzako gizarte sarea"
Gureak taldea Loturarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatearekin elkarlanean ari da, adimen urritasunak dituen jendearentzako gizarte sare erabilerraz bat abian jartzeko, edozein gizarte sareren funtzionaltasun berberekin, gizarte eta lan gaitasunak jorratzeko eta, aldi berean, gaitasun digitalak garatzeko edo trebatzeko asmoarekin.
Gureak taldeak gizarte sareek gizarteratzea sustatzeko eta erabiltzaileei autonomo izateko eta ingurunea ezagutzeko eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatu nahi ditu. Gizarte sare horrek adimen urritasuna duten erabiltzaileen bizi kalitatearen hainbat alderditan izango du eragina:
1. Hasieran
- AUTODETERMINAZIOA: nork bere erabakiak hartzea. - ESKUBIDEAK: iritziak eta intimitatea errespetatzea. - PERTSONA ARTEKO HARREMANAK: askotariko jendearekin harremanetan jartzea, lagunak edukitzea eta jendearekin ondo moldatzea. - GARAPEN PERTSONALA: askotariko gauzak ikastea, jakintzak edukitzea, behar dituzten edo gustatzen zaizkien gauzak egiten jakitea.
2. Gero
- GIZARTERATZEA: gizartearen parte sentitzea, gizarteratuta sentitzea. - ONGIZATE EMOZIONALA: lasai eta seguru sentitzea, kezkatuta eta urduri ez egotea.